2012/05/02

Giltzurruna eman eta lanetik egotzi

Asteazkena, 2012ko apirilaren 25a

Bere nagusi-andreari giltzurruna eman zion eta hark lanetik egotzi zuen

Nagusi-andreak ebakuntza ostean lanera  ez joatea aurpegiratu eta beste lantoki batera bidali zuen haren balizko huts egiteak zirela eta.
Hori gertatu zitzaion Debbie Stevens Long Islandeko langileari, New York Post-en arabera.  Emakumeak jakin zuen nagusi-andreak giltzurrun-transplantea eskatzen zuen gaixotasun larri bat zuela. Jackie Brucia nagusi-andreak, egunkariaren arabera, transplantea antolatua zuen arren, Debbie-k ziurtatu zion, behar izanez gero, berak emango ziola giltzurruna. Handik hilabete batzuetara, aldizkariak dioenez, langileak nagusi-andrearen deia jaso zuen esanez emaileak atzera egin zuela eta ea eskaintzak bere hartan irauten zuen. Hala jarraitzen zuen, beraz, nagusi-andrea eta langilea ebakuntza-gelatik pasatu ziren. Baina Debbie-ren giltzurrunak ez zuen balio nagusi-andrearentzat, eta beste emaile batenarekin trukatu zuten. Jackiek bizia salbatu zuen bere langileari esker.
Senda-agiria jaso ondoren, ordea, langilea ebakuntza osteko minsorra izaten hasi zen, eta egun batzuetan etxean geratu behar izan zuen, lanera huts eginez. Egun horietan jaso zuen nagusi-andrearen beste dei bat zergatik ez zen lanean ari galdetuz. “Zer ari zara? Zergatik ez zaude lanpostuan? Ezin da sartu eta atera bati gogoak emandakoan”,  esan zion nagusi-andreak. Horren ondoren, biek lan egiten zuten kontzesionarioko nagusi-andrea lanean balizko hutsegiteak leporatzen hasi zitzaion, langileak dioenez. Auzia Debbie beste kontzesionario batera bidalita ebatzi zen, etxetik 50 kilometrora eta auzo gatazkatsu batera. Dirudienez, lan-leku hori zigor-lekutzat hartua dute konpainiako langileek. Halako presioen aurrean, langileak psikologo batengana jo zuen, eta hark gutuna bidali zion enpresari. Erantzuna, lanetik egoztea izan zen. Dena den, ez du egindakoaren damurik: “Missouriko gizon baten bizia salbatu zuen”, hara joan zen bere giltzurruna eta.

2012/03/26

ALDARRIKAPEN POETIKOA

Hona nazioartetik jasotako laguntza eskaera bat. Hitzez hitzeko deialdia irakurri nahi baduzue, klik egin ikonoan eta haren webgunera iritsiko zarete.

Deialdiari erantzunez Dionisio Amundarainek idatzitako poema duzue beheko hau.


ESPERANTZA

Bai zaila, bai bizigarria!
Bai urria, bai kutsagarria!
Bai zartatua, bai jostuna!
Bai bakana, bai jostagarria!
Bai urruna, bai kilikagarria!
Esperantza!
Amets handia!
Gurari bizia!
Irrika eragilea!
Irudimen zorarazlea!
Nolatan  nauzun erakartzen!
Bai nauzula poz birtualez betetzen!
Zenbateraino dudan zurekin gozatzen!
Zergatik ezin zaitut atzeman?
Zeinek dit eragozten?
Esperantza!
Zu gabe burua dut galtzen!
Zuri atxikia nahi dut bizi!
Zu zaitut gau eta egun ene erronka!
Zuri, ene bizitzaren zentzu horri, loturik nahi dut bizi.
Esperantza!
Inork kenduko ez didan sentiera!
Ezerk hautsiko ez didan ene barne lotura!
Heriotzaraino elikatu nahi dudan bizia!
Hilko naizenean bizi bete eta betiko bilakatuko zaren ESPERANTZA!

Lazkao, 2012-03-20
Dionisio Amundarain

P.D. Amnistía Internacional-aren eskariz, Barhéin Aayat Al-Qomori eta antzekoei animo emateko gauzatua.

2012/03/12

KRONIKA: BESTE TESTU-MOTA BAT

Hemen dituzu kronika eredu batzuk. Esteketan clik eginda haietara iritsiko zara. Aztertu erabiltzen duten hizkuntza-mota: orainaldia/lehenaldia, narratzailearen ezaugarriak, iritzirik ematen duen, gertatu denaz gain beste zer kontatzen duen...

Hemen dituzu beste hiru gai zuk kronikak idatz ditzazun. Azterketetako hitz-kopurua erabiliko dugu erreferentzia gisa: 150 hitz. Idatzi zeure blogean. Ilustratzeko argazkiren bat ere erabil dezakezu.


  1. Maizpidek, urteroko aldizkariaz gain, astekaria argitaratzea pentsatu dugu. Zuri kirol-kronika idaztea egokitu zaizu. Idatz ezazu asteko kirol-kronika. Zeuk aukeratu nabarmendu nahi dituzun lauzpabost saioak. Baliagarriak izan ditzakezu kazetaritzan 5W deitzen zaien horiek: nork/nor, non, noiz, zergatik, nola. 
  2. Maizpide astekarirako idatz ezazu ikasgelako leihotik ikusi duzuen istripu bat. Nahi duzuen guztia asma dezakezue, benetako datuen faltan, kronika egoki idatzia izan dadin.
  3. Atzo Patxi Lopezen bisita izan genuen Lazkaon. Besteak beste, hauek bisitatu zituen: fraileek liburutegia, Maizpide euskaltegia, San Benito ikastola, Gerriko kultur elkartea. Etxezuri sagardotegian bazkaldu zuen.

2012/03/10

RAKEL AZPARRENEN BLOGA

Ikusi al duzue Rakel Azparrenen gaurko sarrera? Taldeko blogen zerrendan hor dago. RakiLazkao du izena. Gaurko azterketan zer gairi erantzun behar izan dien kontatzen digu. Eta zer moduz eign duen ere bai. Eskerrik asko eta zorte on, Rakel.